XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gloriettarengana itzuli nuen burua. Leihotik begira ari zen.

-Ikusi dut! -esan zuen bat-batean aztoraturik.

-Zer ikusi duzu, Glorietta? Betaurrekoak jarri gabe dituzu-eta.

-Kea. Ibaian gora!

-Ametsetan ari zara! -esan nuen. Jarri betaurrekoak eta begiratu berriro.

-Ez dut beharrik. Ke hodei beltxak ageri dira han urruti. Begiratu zuk zeuk.

Berehala jarri nintzen zuhaitzen gainaldetik begira. Tximista batek ere ez zidan halako ezustekorik emango; aho zabalik geratu nintzen. Agian Gloriettak ez zuen gehiago betaurrekorik erabili beharrik izango. Kea ageri zen urrutira. Argi eta garbi.

-Aitonaren korazatua -egin zuen oihu.

-Hala izango da. Goazen!

Eskailerak airean jaitsi eta amari eta aitari deika hasi ginen. Baina han ez zen inor ageri, ezta Slathers jauna ere. Paseatzera joanak izango ziren, haserrea baretzeko nonbait.

Lasterketa zaldiek bezala egin genuen korrika Glorietta eta biok Missouriraino.

Ke beltzari begira geratu ginen: airean barreiatzen zen eta gero eta hurbilago genuen.

Azkenean, han ikusi genuen tximiniaren goiko aldea, zuhaitzen gainaldetik pasatzen.

Gero makineriaren karraskotsa eta paleta gurpilaren plisti-plasta entzun genuen.

-Han dago! -egin nuen oihu.

Bihurgunea hartu zuen barkuak kea boteaz. Ez zen korazatua. Bapore errari arrunt baten itxura zuen eta Glorietta eta biok berehala ezagutu genuen.

Larreko Saia zen, bueltan zetorrena. Cully kapitainaren ongarriuntzi zorritsu hura.

Bi gizon zeuden banderaren makilaren ondoan, sokak eskuetan, lehorrera salto egin eta barkua lotzeko prest.

Halako batean ezagutu genituen, bai, haiek ere.

John Zerrikote eta Hiltzaile Eroa.